ASTEBURU HONETAN IRALAKO JAIAK!!
Ekainaren 13tik 23ra bitartean jaiak ospatuko dituzte Bilboko Irala auzoan, eta Gazte Konpartsak, OKUPATZEAREN aldeko deia luzatu du. Kaleak, etxe hutsak, lokalak, norberaren burua…okupatzea zilegi dela argi utziz, egitarau zabala antolatu du jaietako 10 egunetan zehar.
Kolorez okupatu, iribarrez, dantzaz okupatu,
borrokaz okupatu, gauza politekin zeure burua okupatu,
Irala bizitzaz okupatu, kaleak lortu, erabili, geureganatu,
gure auzoaren, gure bizitza sozialaren izaera direlako
kaleak okupatu, Irala berpiztu.
Grisa dena kolorez margoztuko dugu, gure auzoko gaitzak
iribarrez eta dantzaz apainduko, arazo duguna
borrokaz ebatziko dugu.
Kentzen ari gaituzten kaleak berriz okupatuko ditugu
egunerokotasunean lanean, jaietan, auzoa alaituko dugu,
berpiztu, geureak direlako geureganatu.
Jendarte aldaketaren beharraren izaera errebeldearekin
arituko gara lanean, aldarrikapenak ahotan
eta alternatibak eskuetan, lan egiteko gogo biziarekin,
auzo guztiek behar duten gazte ikuspegia plazaratuz,
aniztasunarengatik apostu eginez, giza erlazio garbiak
eraikiz, gure alternatibak egi bihurtu.
Asko dugu esateko, asko ere egiteko, baina,
askozaz gehiago dugu irabazteko, amets haundiak
ditugu aurretik, guztiok batera bideratzeko.
Kapitalismoaren kontra, autogestioa.
Jendarte matxistaren kontra, feminismoa.
Proiektu txikitzaileen kontra, antidesarrolismoa.
Indibidualismoaren kontra, asanblada.
Espekulazioaren kontra, okupazioa.
Uzteldutako instituzioen kontra, antisistema.
Borrokaz, ekintza zuzenaz, desobedientzia zibilaz,
okupazioa delitua bada, gora, gora delinkuentzia.
